Un blog de viajes - Travellerspoint

febrero 2018

Inken aztarnen bila!!!!

Choquequirao eta Machu Picchu

sunny 20 °C

Copa mendiaren igoera bertan behera utzi behar izan genuen lehenengo egunean, kampamendura igotzen ari ginela, bi Norbegiarrekin aurkitu ginen bidean eta azkeneko hiru egunetan oso eguraldi txarra egin zuela esan ondoren hobeto pentsatu eta hoberena bueltatzea izango zela erabaki genuen. Hau izan zen mendikate hauetan egindako azkeneko saiakera ze astebete berandugo Limara jeitsi nintzen Aoife nire lagun irlandesarekin elkartzeko. Ekainak 9an bueltatzen zen Irlandara berriro eta Guayaquileko lana utzi ondoren Choquequirao, Machu Picchu eta Cusco ezagutzera abiatu ginen. Machu Picchura iristeko ibilbiderik ezagunena "Inka Trail" izenez ezagutzen da eta hasiera batetan hau egiteko ideia geneukan baino Tambo hostalean Marco Jurado ezagutu nuen, Aleren lagun miña eta ibilbide alternatibo bati buruz hitz egin zidan. Hasieratik izugarri erakargarria iruditu zitzaidan, jende gutxik ezagutzen duelako eta zortzi edo bederatzi eguneko mendi ibilbide baten ondoren Aguas Calientes herrixkara iristen zarelako, Machu Picchura igotzeko abiapuntua. Marcorekin oso erlazio ona egin nuen Huarazen pasatako egunetan eta paper batetan egin zidan ibilbide guztiaren mapa nahiko zehaztu bat.

Liman Aoiferekin elkartu ondoren hasi zen bidai honetan bizi izan dudan abenturarik ikusgarriena eta aberasgarriena baino aldi berean gogorrena ere. Cachora deituriko herrixka batetara iritsi behar ginen ibilbideari hasiera emateko eta horretarako hiru eguneko bidai luze batetan murgildu ginen mendi eta aranetan barrena garraiobide ezberdinen barruan.Gerora jakin genuen errezagoa dela Cuscoraino igotzea eta hemendik Cachorara joatea baino momentuan momentuko erabakia izanda, Huancayon egin genuen lehenengo gaua, ikastaroan egindako lagun baten etxean eta orduan konturatu ginen errepide okerra aukeratu genuela.Hala ere bertan indarberritzeko aukera paregabea izan genuen, aukera askoren artean oso ondo jan genuelako . Hemendik aurrera mendiko errepide gehienak oso estuak eta harriskutsuak dira ibilgailu handietarako eta kilometro gutxi egiteko denbora gehiegi behar dugu. Pick up batetan mugitzea erabaki dugu eta garestiagoa izatearekin batera, errepide guztia berritzen diardute lanean eta kilometro asko izan ez arren, mantsoegi ibiltzen gara leku batetik bestera iristeko. Azkenean Abancay hirira iristen gara , bertan gau bat pasatzeko asmoarekin. Falta zaigun materiala lortu, beharrezko elikagaiak erosi eta Cachorara igotzeko. Aoifek zaku bat eta aislantea behar zituen eta alokatzeko aukerarik izan ez genuenez erosi behar izan genituen Cuscon saltzeko asmoarekin. Baino Aoifek tentsio igoera bat izan zuen eta hospitalean bukatu genuen arratsalde horretan. Gaua herrian pasatzea erabaki genuen, atseden hartu eta hurrengo egunean abiatzeko. Eguerdian iritsi ginen herrira eta azken orduko jateko zerbait erosi ondoren ekin genion berez hiru orduko ibilbideari Playa Rosalina deituriko akampalekuraino( 1550m). Honetarako, Capuliyoc leporaino ( 2900m) igo behar gara lehenik, Papadoc ( 5450m) mendi zerratu ikusgarria parean dugularik eta lepoa gurutzatu ondoren Apurimac kanoian barrena ekingo diogu jeitsierari ibaiaren ibilbideari jarraituz. Bi ordu behar izan ditugu leporaino iristeko eta oraindik jeitsiera gogor bat geratzen zaigu munduko hirugarren kanoirik handienetik, Apurimac-eko aranetik. Gaua egiten zaigu bidean eta miradorean geratu behar gera lotan hondartzaraino iritsi ezinik.

Hurrengo goizean, arrieroak esnatzen gaituzte bere astoekin dendaren ondotik pasatzen hasten direnean, goizeko 5ak aldera. Dena jaso eta fruta pixkat jan ondoren Rosalina hondartzara jeisten hasten gara eta atzo pentsatzen hasi ginena etorri zaigu burura berehala. Ibilbidea oso gogorra da, jeitsiera eta igoera handikoa eta gure motxilak duten pisuarekin ezingo dugu gustora egin. Gainera Aoiferen motxila oso txarra da eta sorbaldako minarekin dabil hasi ginenetik. Hondartzara egunsentiarekin iristen gara nik bi motxilak gainean ditudala eta kriston mala ostiarekin. Bertan, gosaltzen dugun bitartean arriero batekin hitz egiten dugu gure intentzioaren berri emateko. Berak esaten digu Choquequiraora igotzeko ez dugula arazorik izango, baino hemendik aurrera oso jende gutxi dagoela prest ibilbidea jarraitzeko,perfila oso gogorra bait da. Azkenean, gosaldu eta indar berritu ondoren aurrera jarraitzea erabakitzen dugu eta hasieran hitz egin dugun arrieroak gurekin ibilbidea egiteko prest dagoela esan ondoren prezioa adostu eta ibilbideari ekiten diogu. Apurimac ibaia gurutzatzeko zubia azkeneko uholdeetan desegin zenez, oraingoz motxilak eramateko metalezko kutxa baten barruan egiten dugu. Marampata deituriko herrixkan egingo dugu lo egun honetan, baino iritsi aurretik 1300 metroko desnibela duen igoera gogor bati egin behar diogu aurre eta Santa Rosa herrixkan bazkaldu arren leher eginda iristen gara gaurko helmugara. Lekua ikaragarri polita da eta oraingoz gogotsu gabiltza abenturarekin jarraitzeko.

Goizean goiz atera gara hirugarren egunean, bi edo hiru ordutan Parkera iritsi, bertako akanpalekuan denda eta gure gauza guztiak prest utzi eta geratzen diren eguzki orduetan parkeaz eta bere inguruaz gozatzeko. Gaurkoan ez dugu arrierorik, beste talde bat igo behar duelako Marampatara eta berarekin hurrengo goizean geratu gara parkeko akanpalekuan ibilbidearekin jarraitzeko. Parkea 3033m-ko altueran aurkitzen da eta bere izena Quechua hizkuntzan urrezko sehaska esan nahi du. Gaur egun ez da oso famatua, bertara iristeko modu bakarra oinez bait da, 30 km-ko ibilbide malkartsuari aurre egin ondoren. Baino bertako aukerak ikusita eta Machu Picchuren ahizpa sakaratua bezala aurkeztu ondoren teleferiko bat egin nahi dute bertara iristeko eta bere xarma guztia apurtzeko. Oraingoz bakarrik %40 dago ikusgai eta beste guztia ohianak jan du mende askoren ondoren. Guk ia arratsalde guztia plaza nagusian eman dugu zelaian botata belarraren gainean dana ikusi ondoren. Ez dugu ia inor ikusi egun guztian eta honek lekuarekin konektatzen lagundu digu. Marampatatik txakur batek jarraitu gaitu eta gurekin egon da egun guztian zehar. Ikusgarriak dira inguruko parajeak eta ilundu aurretik dendara jetsi gera zerbait afaldu eta ahalik eta gehien lo egiteko.

Hurrengo goizean 5etako jeikita gaude, gure arrieroaren zain. Aoife bizkarreko minez jeiki da eta Jesus ez dela iristen ikusirik oso urduri jartzen da, bueltako bidean pentsatzen. Ordubete berandu baino azkenean iritsi da bere astoarekin eta dena prestatu ondoren ilusio handiarekin abiatzen gara gaurko etaparen bila. Ampay eta Pumasillo mendiak atzean utziko ditugu, Choqequiraorekin batera eta ibai Txuriaren ( Yuraqmayu) aranean barrena sartzen gara. Egun honetan ibairaino jeitsi behar gara, gero berriro igotzeko Maizal deituriko herrixkara. Oso etapa gogorra izan da gaurkoa baino bidetik ain famatuak diren terrazak gurutzatu ditugu, animalien irudi ezberdinak margotuta dituztenak eta ibai Txurian hartutako bainuak ere indarberritu gaitu eguneko azkeneko igoerarako. Zonalde honetan moskitoak dira gure bidailagunak eta kokoteraino amaitu dugu beraien konpainiaz. Tximeleta beltza eta laranja batek ere igoera guztian lagundu digu eta Susanaren izpiritua zela pentsatuta Maizalera iritsi gera arratsalde partean. Bertako familia baten etxeko baratzan lo egin dugu gure dendarekin eta indarberritzeko asmoarekin oilasko bat prestatu dute afarirako. Familia guztiarekin afaldu dugu etxean, aitona, amona, senarra, emaztea eta hiru seme alabekin eta orduan konturatu gera gure arrieroa predikadore bat dela. Afaldu aurretik errezatu egin dugu eta bukaeran familia guztia belauniko jarrita bibliaren pasarte batzuk irakurri dizkie. Gu, errespetu guztiarekin ahal izan dugunean altxatu eta ohera joan gara.

Yanamara iritsi behar ginen hurrengo egunean eta horretarako San Juaneko pasoa ( 4100m) gurutzatu behar genuen igoera malkartsu baten ondoren. Bidean meatza pilo bat aurkitu genituen, gaur egun utzita daudenak baino 80. hamarkadara arte Romainville deituriko familiak uztiatutakoak eta inguruko kalte ekologikoen uztiatzaileak. Gaurko eguna oso gogorra izan da, goizetik indarrik gabe aurkitu naizelako eta gainera gure predikatzaileak bere txapa ematen pasa delako goiz osoa. Gaur gurekin konfidantza hartuta zegoen eta galdetu digu nolatan lo egin dezakegun elkarrekin ezkondurik egon gabe. Hor hasi da bere sermoia eta igoera guztian zehar jarraitu du gure bizitza pekataria konpondu nahian. Hala ere horren ondoren bere bizitza " pekataria " kontatu digu, alkohola, emaztea jipoitu, beste emakumeekin egon... baino gaur egun argiak gidatzen duela eta bla bla bla. Horrela iritsi gara San Juaneko pasora eta bertako panoramikak goizeko momentu txar guztiak begirada baten zapuztu ditu. Vilcabambako mendilerro osoa ikusteko aukerarekin, elurtutako mendi tontorrak, arana eta zelai berdeetan begirada galduta minutuak konturatu gabe pasatzen dira. Bertan atseden hartuta eta indarberritu ondoren, Yanama herrirainoko jeitsiera are ikusgarriagoa egiten da. Ibilbidea arrokan taillatua dago eta momentu batzuetan ain estua egiten da ezinbestekoa dela beldurra eta errespetu nahasketa batekin pasatzea.

Gure asmoa Yanaman autobusa hartu eta zenbait ibilgailu aldaketa egin ondoren Aguascalientes herrira iristea zen. Baino Yanamara iritsi eta errepidea luizi batek estali ondoren hurrengo hiru egunetan gutxienez inkomunikaturik geratu zen herria. Hemen hasi zen gure benetako abentura, dirurik gabe geratzen ari ginen eta Aguascalientesera iritsi arte ez genuen dirua inon lortzeko aukerarik. Geratzen zitzaigun diru eskasa Aguascalientesera iristeko behar genuen eta gure arrieroari beste egun bat edo bi ordaintzeko dirurik ez genuen. Hor pasa genuen arratsalde guztia gure "arazotxoa" konpondu nahian baino aukerak ez ziren oso erakargarriak. Gaualdean afaltzeko orduan elkartu ginen eta Jesuseri gure egoera azaldu genion. Gurekin asko haserretu zen gutaz fidatu ondoren orain ez geniolako dirurik eman nahi, "gringoak beti berdinak zarete"..... Hasieratik gaizki planeatutako abentura honetan ez genuen horrela amaitu nahi eta proposatu genion diruaren ordez mendiko arropa emango geniola. Hurrengo goizean traste guztiak hartu eta Totorako bidean abiatu ginen ibilgailuren bat aurkitzeko esperantzarekin irekia zegoen errepide zatian. Jesusek errepideraino lagundu gintuen eta bertan agurtu ginen bi galtzerdi pare, euritako txubaskeroa eta ahal izan genuen dirua eman ondoren. Barkamena eskatu genion eta azkenean pozik joan zela uste dugu.

Geratzen zitzaigun diru eskasarekin iritsi behar ginen Aguascalientesera eta oraindik bide luzea geratzen zitzaigun bertara iristeko. Errepidea jarraituz jeitsi ginen pixkanaka, Totorara iristeko falta ziren 20 km-ak oinez egiteko asmoarekin. Gure egoerataz ahaztuta, umoretsu jarraitzen genuen gure bidea, hitz egiten eta gure helmugara iritsiko ginenaren zihurtasunarekin. Halako batean kotxe bat ikusi genuen maldan gora eta gelditzeko eskatu genien. Gure egoera azaldu ondoren luizia ikustera zijoazten langileak zirela erantzun ziguten eta goiko ingurua aztertu ondoren Totorako bidean utziko gintuztela esan ere. A ze poza hartu genuena!!!!. Azkenean eguerdirako iritsi ginen Totorara eta bazkaltzeko dirua ere geneukanez eguneko oparirik politena izan genuen. Totoran bazkaldu ondoren La Playa deituriko lekura iritsi ginen furgoneta baten atzeko aldean eta gure azken xoxak Santa Teresa herriraino iristeko taxi batean utzi genituen. Egia esanda behar genuen baino diru gutxiago geneukan baino gizonak gure aurpegiak ikusita eta inguruan dirua ateratzeko aukerarik gabe motxilak maleterotik ateratzen lagundu eta bidai ona opa ondoren eguneko azken abenturarekin abiatu ginen.

Santa Teresatik Cuscora doan trena Aguascalientesetik igarotzen da baino dirurik gabe trenbidearen ondotik iristen gara leher eginda hiru ordu beranduago. Gaua egiten zaigu bidean eta aurkitzen dugun lehenengo hotelean gela bat hartu ondoren dutxa beroa eguneko oparirik hoberena izan da. Dutxaren ondoren beko jatetxean jan ditugun pizzak izan dira eguneko bigarren oparia eta hirugarrrenaren bila joan gara afaldu ondoren. Gelara iritsi eta orduan iritsi zait eguna okertu duen mezua, " Iñigok buruaz beste egin du Edinburgon". Negar egiten hasi eta kriston inpotentzia sentitu det. Ain urruti egonda eta inorekin hitz egiteko aukerarik izan gabe Aoifek laguntzen dit gaueko amesgaiztoak usatzen. Hurrengo goiza presarik gabe hartzen dugu, herria ezagutu eta indarrak berreskuratzeko. Aguascalientes oso turistikoa da eta janari aldetik oso aukera zabalekoa. Beraz, egun guztia jaten eta atseden hartzen pasatu dugu kafetegi eta jatetxe ezberdinetan eta Machu Pichuko igoera hurrengo egunerako utziko dugu.

Igoera eskaileretatik egitea erabaki dugu autobusean egin ordez. Goizean goiz atera gara eta eguerdia baino lehenago lekuaz gozatzen geunden. Bueltaxka bat egin ondoren leku ikusgarri bat aukeratu eta bertan pasa dugu eguna gune arkeologiko inka honen energiaz gozatzen. Kriston eguraldia egin du eta eguzkia izkutatu aurretik txoko bat aukeratu eta Iñigo eta Aoiferen ama agurtu ditugu. Paper batetan gure sentimenduak idatzi eta bi harriren ateko zirrikitu batetan gorde ditugu. Oso momentu unkigarria izan da eta besarkada batekin bukatu dugu gure agurra.

Publicado por XABIER RAMON 10:35 Publicado en Perú Comentarios (0)

(Entradas 1 - 1 de 1) Página [1]